SAN JUANEN OÑOTZAK

ELEZAHARRAREN HASTAPENA

San Juanen oñotzen gaineko lehen datuak Barandiaranek eman zituen 1920. urteko deskribapen baten bitartez. Istorio honen arabera, San Juan Portalearen azpian oin itxurako zulo bat zuen harri bat zegoen; eta, herriko jendearen ustez, San Juanek berak utzi zuen oinatza. Santua, Bermeoko portuan lurreratu ondoren, hiru pausu emanez iritsi omen zen Gaztelugatxera, hiru oin-aztarna utziz: lehenengoa San Juan Portalearen azpian; bigarrena Matxitxakorazko bidean, Peña de Oron; eta hirugarrena Burgoan.

Aldiz, beste batzuen ustean, lau oin-aztarna utzi zituen: “San Juanek leelau-leelau imin zauen kaderie Morondon, arkupien. Gero imiñ zauen kaderie Arenen, itxurri zelan dauen Salomeneko beko partien, an leelengo kaderie. Bigarrena Martin Koixoneko mendijjen, an Landatxuen, Landako beko partien, da irugarrena San Juanen. Zelako oñek okin sauen San Juanek!”.

OÑOTZEKIN LOTUTAKO USADIOAK (ERRITUALAK)
Lehen oin-aztarna San Juan Portalearen azpian dago eta herritarrak Alde Zaharretik irteterakoan eskuineko eskuarekin aitaren egin bitartean, eskuineko oinaz oin-aztarna zapaltzen zuten.

Bigarren oinatza Ikastolaren aurrean dagoen iturrian zegoen, ‘Salomenekue’ baserriaren ondoan.

Hirugarrena ‘Burgoko landien’ zegoen eta oso bitxia zen bikoitza zelako. Lehen zatia, animaliaren apatx itxurakoa zen, belauna jartzekoa; eta bigarrena oinazpia duen harri handi bat da eta “San Juan” agertzen da (‘oiñetxa ta gero belunkerie’). Gaur egun, bigarren zati hau Gaztelugatxe gainean dago, eskaileren ondoan. Arrietako eta Arronategiko biztanleek hirugarren oinatz hau beti erabili dute belaunikaldi bat egin dezaten.

Laugarrena, eta azkena San Juan haitzaren oinaldean dago. Azken hau inoiz ez da agertu dokumentuetan.

NOLA BERRESKURATU DA TRADIZIOA?
1978. urtean, San Juaneko elizaren suntsipenaren ostean, Antón Perezek artikulu bat argitaratu zuen San Juanen oñotzak berreskuratu behar zirela aldarrikatuz. Honen ondorioz, herrian batzorde bat sortu zen, Bittor Erauzkinek zuzendua eta hiru oinatzak berreskuratu zituzten. Batzorde honek Uetena taldearekin batera hiru oinatzak Lorenzo Zabalari Morondon dagoen marmoldegira eraman zizkioten. Lorenzok bere oinaren neurriekin beste hiru harri moldatu zituen.

1982. urtean, Batzorkide batzuk eta Uetenako taldekideek oinatz berriak jarri zituzten gaur egun ezagun ditugun lekuetan: lehenengoa Ermun, gaur egun bertatik ikusten delako lehenengoz San Juan; bigarrena, San Juan gainean, eskailerak amaitzean; Burgoan egon zena, zaharrena eta jatorrizkoa den bakarra; hirugarrena, San Juan Portalean bertan dago; laugarrena, Arenen, ikastolaren aurrean dagoen iturrian; eta azkena, San Juan haitzaren oinaldean dago, eskailerak hastean. Beraz, gaur egun bost oñatz daude.

ZER ESAN NAHI DUTE OÑOTZEK?
Azken ikerketek Santiago bidearen garrantzia azpimarratzen dute. Hala, Bermeotik Santiago bidea pasatzen zen, eta erromesak San Juanetik igarotzen ziren Santiagora joateko asmoz. Gainera, Bermeoko dokumentuetan ‘Sanjuanbidea’ behin eta berriro aipatzen da, horrek azpimarratzen du bide honen garrantzia San Juanera joateko eta Bermeoko harri-mugak adierazteko (‘Sanjuanbidean agertzen diren lekuak: San Juan Portalea, Mendiluz, Uriatziti, Burgoa eta San Juan).
Amaitzeko eta bitxikeria moduan esango dizuet, pasa den mendeko 20. hamarkadan, Bermeoko arrantzaleak San Juanera joaterakoan San Juan Portalan dagoen oñotza oin batekin ukitzen zutela kailuak sendotzeko edo bidean zehar ez molestatzeko.

Norbaitek aurkitzen badu Burgoan dagoen oñotza, niri bidali mesedez ‘pilula’ honi gehitzeko. 😜

Argazkiak: (1) San Juan Portalan dagoen oñotza; (2) Arenen, ikastolaren aurrean dagoen iturrian; (3) San Juan haitzaren oinaldean dago, eskailerak hastapenean; eta (4) San Juan gainean dagoena, eskailerak amaitzean; 

Testua eta argazkiak Anton Erkorekaren liburutik hartu ditut, Etnografía de Bermeo. Leyendas, cuentos y supersticiones; eta Bermeoko jai-programaren artikulu ezberdinetatik.

***Gustatu bazaizue kontutxu hau, badakizue... klikatu eta partekatu!






Blog honetako argitalpen ezagunak

LA PLATAFORMA 'GAVIOTA': UNA BREVE HISTORIA

IZARO FILMS PRESENTA: BERMEO Y LA TORRE WINDSOR

EL TESORO DESCONOCIDO DE MUNDAKA