MADALEN EGUNA: ERDI AROKO JAIA

Uztailaren 22an bermeotarrok Madalen eguna ospatzen dugu, jai hau ikur bat da Bermeon. Erdi Aroan du jatorria eta urteetan zehar apenas izan du aldaketarik.

NOIZTIK OSPATZEN DA?
Lehenengo erreferentziak XV. mendekoak dira, 1457an Enrique IV.a, Isabel erregina katolikoaren neba, Bermeoko Santa Eufemia elizan lurralde-foruak zin egin ondoren Izarora joan zen. Bidaia txiki hori udaletxeko agintariekin eta arrantzaleekin egin zuen. Izaroko frantziskotarrek hartu zuten eta ‘Te Deum’ abestu zioten elizan.
Gerora, 1641an Henao abadeak jaia deskribatu zuen eta lehen aldiz azaldu zuen urtero, Magdalena egunean, Bermeoko agintariak eta herritarrak Izaroko elizara joaten zirela Bermeoko jurisdikzioa adieraztera.
1754ko udal-ordenantzen arabera, Bermeoko agintariek urtero San Juanera eta Izarora joan behar zuten mugarriak egiaztatzera udaletxeko idazkariaren aurrean bi leku hauek Bermeokoak zirela adierazteko.
1931an, Zabalak deskribatzen zuenenean Madalen eguneko jaia datu interesgarri bat gehitu zuen; Bermeoko segizioa Mundakara ere joaten zela.

NOLAKOA DA JAIA?
1981an UETENA taldeak ondo deskribatu zuen, oso testu ederra denez hitzez hitz jarriko dizuet: “Gure berri emailerik zaharrenek dioskutenez, mendearen hasieran udaletxeak itsas bira bat egiten zuen Artzan zehar, beste untzi txiki batzuk inguruan zeramatzala, handiak gehienean itsas zabalean lanean ari baitziren. Udaletxekoaren inguruan zihoazen untzietan untzilagunen etxekoak eta lagunak zihoazen trantzea beren erara kantuz ospatzen zutenak eta gure berri emale betan esanetik, ‘atxúek sántxuen bótaten’. Gero agintarien segizioa Izarora eta Sukarrietara joaten zen bazkaltzera, Txatxarramendira hain zuen. Bueltan beste untziak zain egoten ziren eta haien brankatik gurutzatzen saitzen ziren, ‘bordadie eitxen’. Bordada bakoitzeko untzian zihoazen bakoitzarentzat koartilu bana ardotarako eskubidea zeukaten. Kopuru hori berez udaletxeari adierazitako taberna batetan lortzen zuten, udaletxean bertan harturiko eta kopurua eta taberna izendatzen zituen paper bat erakutsiz.
Urte batzutatik honantz jai hau aldatu egin da. Orain Batez ere lehorreko eta inguruko herrietako udazaleek parte hartzen dute, arrantzalerik gehienak itsasoan gertatzen baitira.
Besperan gau berbena herrikoi bat egiten da Bastarre plazatxoan, non baitago hormazulo bat santaren irudiarekin. Kalea eta hara jotzen duten Talakoetxea eta Aurrekoetxea banderatxoz eta barregarriro jantziriko panpina dilindariz apaintzen dira. ‘Postisuek’ esaten zaiei hauei.
Lehenbizi meza nagusi bat izaten da, bertara datozelarik agintariak eta gonbidatuak, hauek herritik kanpokoak gehienak. Azkenean organuak egun honetarako aintzinako kantu bat jotzen du, Madalenaren eresia.
Gero segizioa, txistulariak aurrean dituela, itsas jaialdiko buru izango den untzirantz ordenaz abiatzen da. Untzi handi bat izaten da hau, gonbidatuak eguraldi txarretik babesteko toldoz apaindua eta egokitua gehienean.
Hamabietan portutik irteten dira, beste untzi txiki batzuk, ez asko, inguruan dituela. Untzi hauetan jaian dabiltzan gazte taldeak pilatzen dira. Untzi ofizialean atun prijitua, ogia, ardoa eta gailetak banatzen zaizkie gonbidatuei, bien bitartean udal txistulariak etengabe kanta tipikoak jotzen ari direlarik.
Izaro bestalderatu ondoren, herriko agintari nagusiak, untzia geldi dagoela, eta irlaren jabetasuna adierazteko, teila bat botatzen du uretara esanez: “Honaino heltzen dira herriko itoginak”. Txistulariek orduan Madalenaren eresia jotzen dute. Erritual honen barruan batel batek irlaraino joan eta gorengo tontorrean bandera bat jartzen du. 1978rarte Espainiako bandera zen, baina azken bi urteotan ikurrina jarri dute.
Handik Elantxobeko porturaino segitzen dute. Hemen herriko alkateak Bermeokoari agintari makila entregatzen dio eta plazara igoera hasten da, gazteek aurreskua eginez eta geroago igonez. Plazan, eliza ondoan, ohorezko aurresku bat dantzatzen da eta agintarien segizioa San Nikolasen elizara joaten da bisita bat egitera. Herri jaiak plazan bertan segitzen du, frontoian, ‘arroskutan eta sabaletakutan’.
Gazte taldeak gero tabernarik taberna sakabanatzen dira, bainu bat hartzera eta ondoren bazkaldu “bakoitzak ahal duen lekuan”. Agintariek eta gonbidatuek oturuntza bat egiten dute, untzi eramateko untzilagunak ere joaten zirelarik.
Bazkal ondoren berriro jaia plazan, itsasotik itzulita Bermeotik datozen beste untziak heltzen diren bitartean. Batzuk ez dira Elantxoberaino heltzen, bidean besteen zain gelditu baizik.
Seiretan untziak berriro Bermeorantz abiatzen dira, Mundakan eskala eginez. Lehen eskala hau ia untzi guztiek egiten zuten, marea ondo bazegoen. Gero kendu egin zuten eta orain badirudi Bermeoko agintariek auzoko herriari eginiko kortesi bisita berriru nahi dutela. Etorraldiko azken zatian untzi laguntzaileek eta hauen bila etorriek untzi nagusiari bordadak egiten dizkiote, branka aurretik gurutzatuz eta duela hamabost urterarte sirena joez. Maniobra hori zenbat bider egiten zen apuntatzen zen, untzilagun bakoitzeko azunbre bana ardo emateko.
Porturatzea kofradiako sirenaren eta untzietako turuten hotsean egiten da. Kofradia aurrean herri guztia dago segizioaren zain eta parkean zehar goiko plazarantz abiatzen dira, berriro ere Madalenaren eresiarekin, oraingoan musika bandak jotzen duelarik. Plazara heldutakoan, udal gorporazioa udaletxeko balkoira irteten da eta handik presiditzen du jaia. Jaia aurrera doa aurreskuz eta zabaletakoz, banda jotzen ari den kiosko inguruan jiraka dantzatuz. Herri berbenak parkean segitzen du goizalderarte”.

MADALEN EGUNA OSPATZEKO PROTOKOLOA
1993an Bermeoko udalak Manu Muñoaren herriko jaien protokoloari buruzko proposamena onartu zuen. Madalen jaia 2. kapituluan azaltzen da: jantzi ofizialak, segizioaren eta makilaren protokoloa, itsasoan egin beharrekoa (alkatea daroaten itsasontziek egiten zituzten ziabogak), ikurriña jartzea Izaron, alkateak esan beharreko esaldia: “Horraino heltzen dira Bermeoko itzuinak”, Elantxobera eta Mundakara bisitaldiak, Bermeoegin beharreko harrera eta Goiko plazako amaiera ikurriñaren altxatzearekin eta aurreskuekin. 2000an Hilario Aurtenetxek udaletxeari proposatu zion ikurriñarekin batera Bermeoko bandera jartzea Izaron, eta 2001eko uztailaren 22a jarri zuen lehen aldiz. Gainera, eta bitxikeria gisa, esango dizuet 1987tik aurrera Hilariok jarri izan zuela ikurriña Izaron Madalen egunean.

BERMEOK IZARO ESTROPADA BATEN BIDEZ IRABAZI (AL) ZUEN?
EZ! Izaro beti izan da Bermeorena. ESTROPADARENA ELEZAHAR BAT DA ETA EZ DAGO ISTORIO HORI ZIURTATZEN DUEN DOKUMENTURIK. Elezahar horretan kontatzen da 1719an Bermeok Mundakari traineruen estropadan irabazi omen ziola. Dakizuenez, 1719an Izaroko frantzizkotarrek irla utzi zuten Foruko konbentura joateko. Ziur aski, elezaharrean 1719 urtea erabiltzen da frantziskotarrak joan izana ekintza traumatikoa izan zelako Bermeoko herritarrentzako.

Argazkietan: (1) Idurre Bidegurenek, EMAKUMEZKO lehen alkateak, teila bota zuenekoa; (2) Hilario Aurtenetxek lehenengoz Bermeoko bandera jartzen 2001an eta 1987an ikurriña jarri zuenean.
Iturria eta argazkiak: Izaro. Historia y tradiciones, Anton Erkorekarena; eta Hilario Aurtenetxeren artxibotik

***Gustatu bazaizue kontutxu hau, badakizue... klikatu eta partekatu!
(Irakurtzeko denbora: 3’35’’)




Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

¿CUÁNTO SABÉIS SOBRE SAN JUAN DE GAZTELUGATXE? 13 PREGUNTAS CON RESPUESTAS

LA PLATAFORMA 'GAVIOTA': UNA BREVE HISTORIA

BOU BIZKAIA: MÁS QUE UN NOMBRE