NONDIK DATOR ‘BERMEO’ IZENA?

Dokumentazio idatzian, Bermeo leku-izenaren lehen agerraldiak XI. mendekoak dira. Agiri hauetan, San Millan edo San Juan de la Peñari emandako Bizkaia aldeko zenbait eliza eta lur azaltzen dira, besteak beste, Gaztelugatxe, Bermeoko portua, San Miguel edo Alboniga (Almike).

1051. urtean: “et de Vermeio”.
1053: “in loco qui dicitur Bermeio”.
1082: “in portu de Vermelio, in ora maris”.
1093: “Vermeio”
Idazki hauetan Bermeo, loco eta portu legez ageri da. Suposa daiteke, hortaz, garai hartan, nolabaiteko garrantziadun herrixka izango zela, elizaz horniturik (San Miguel) eta portu funtzioak zituzkeena.

BAINA ZER ESAN NAHI DU ‘BERMEO’ HITZAK?
Teoria bat baino gehiago daude eta oso erraz azalduko dizkizuet, azalpen filologikoak biguntzen saiatuz.
1. Lehenengo teoriaren azalpena oso erraza da, gorri koloreari lotutako toponimoa litzakete Bermeo: ‘Vermiculus’ latineko hitzetik ‘Bermeio’ hitzera. Gainera, azken ‘Bermeio’ hau oso hurbil dago ‘Bermio’ euskal hitzetik, eta herri izen askotan ageri da –io morfema, ‘Bermio’ bezala, baditugu, besteak beste: Zeberio, Otxandio, Lekeitio, Erandio…
2. Bigarren teoria ‘Bermea’, ‘Ibarbero’ eta ‘Erribero’ hitzekin lotzen da; hala, bere esanahia ‘bero’, ‘epel’ edo ‘aldapa leuna’ izango litzateke .
3. Aditu batzuk Zornotzako ‘Berna’ eta ‘Bernagoitia’ aipatzen dituzte Bermeoren esanahia azaltzerakoan. Era berean, izen hauek atzerriko beste herri izen batekin parekatzen dituzte, Suitzako ‘Bernarekin’. Eta izen hauek guztiak, errekarekin lotzen dituzte, aditu hauen arabera, ‘Ber’ hitza ‘errekaren bazterra’ izan liteke.
4. Behin ikusita beste herri-izen batzuk ere ‘Berm’ edo ‘Berme’ hitzekin, hasten direla, badago teoria bat ‘Berme’ edo ‘Segurtasun’ hitzekin lotzen duena.
5. Hurrengo teoriak latinean aurkitzen du azalpena, ‘Ver meum’ hitzak izango lirateke ‘Nire uda’.
6. Beste azalpen batek Ipar Europako ‘Breme’, ‘Berme’ edo ‘Bermier’ hitzekin lotzen du, izen hauek oso arruntak dira Holandan edo Frantzian.
7. Azkena askoz filologikoagoa da aurrekoak baino. Teoria honi dagokionez, bi hitzek osatzen dute Bermeo, ‘Be’ + ‘Ermo’, eta ‘Ermeo > Ermu yusero’ moduan azaltzen da; hau da, Ermuren behean dagoen lekua. Kontuan hartu ‘yusero’ euskaraz ‘be’ dela; eta ‘Ermu’ toponimoa Matxitxakon kokatzen dela.

Nire azalpenek jakin-mina sortu badizuete, Uriartek eta Allikak egindako “Bermeko toponimia” liburuan, azalpen gehiago eta sakonagoak aurki ditzakezue.

ZER AGERTZEN DA BERMEOKO ARMARRIAN?
Bermeok 1218 eta 1236 urteen artean jaso zuen bere hiru-gutuna; eta Bizkaiko lehen hiribilduetako bat izan zen Urduña eta Plentziarekin batera. Zoritxarrez hiru-gutuna desagertu egin zen; beraz, ez dakigu zehatz-mehatz zein urtetan jaso zuen.
XIII. mendeko amaieratik, Bermeo ‘Caput Vizcaiae’ (Bizkaiko Burua) bezala agertzen da dokumentu guztietan. Beraz, Gernikako Batzar Nagusietan hitza hartzen zuen lehen herria izan ohi zen eta Bizkaiko jaunak bizi ziren Bermeon. Garrantzia hau Bermeoko armarrietan ere agertzen da esaldi hauekin: “Primis Bermei, Capite Vizcaie”, “Hoc est sigillum de Bermeo Capite Vizcaie” edo “Stemna proderi in primis Bermei”. Azken esaldi hau da ezagunena eta ‘lehen armarria Bermeokoa dela’ edo ‘Bermeo dela lehena aurkezten dena’ esan nahi du.
Kuriositate legez, esango dizuet Bermeok ‘Caput Vizcaiae’ titulua erabili zuen arren, ofizialki Fernando Katoliko erregeak eman ziola 1476ko uztailaren 31an, eta 1602ko abuztuaren 21ra arte mantendu zuela. Hortaz, Bizkaiko ‘hiriburua’ izan ginen 126 urtetan zehar. Ez da makala!

ZERGATIK AGERTZEN DIRA ELEMENTU HORIEK ARMARRIAN?
(1) Agurearen buruarekin azaltzen da Bermeoko antzinatasuna eta Bermeok zeukan garrantzia Bizkaian; (2) Bi otsoren irudiarekin, Bermeo Bizkaiko Jaunaren menpean zegoela adierazteko. Gogoratu, Díaz de Harok, Bizkaiko Jaunak, Bermeori hiri-gutuna eman ziola eta otsoak Díaz de Haroren enbleman zeudela; (3) Arraunez dabilen ontzi bat eta balea baten irudiekin adierazteko arrantza-mota hau funtsezkoa izan zela Bermeon.

Argazkiak: (1) Bermeoko kontzejuaren lehen zigilua, Nafarroako Artxiko Nagusian kontserbatua, 1297; (2) XVI. mendekoa, Portu zaharreko iturrian dagoena; (3) Bermeoko armarriaren miniatura, Julio III.a Aitasantuak 1553an Bermeon Sakramentu Santuaren Anaitasuna sor zedin emandako Buldaren orlan ageri dena (Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboan, Derio); (4) XV. eta XVI. mendeko Bermeoko armarria; (5) Bermeoko udaletxeko fatxada nagusian zegoena; (6) Bermeoko udaletxeko areto nagusian zegoena; (7) XIX. mendeko Bermeoko armarria; (8) Gaur egungo herriaren armarria, 1968.an legalki onartu zena.

Iturria: Bermeoko argazki eta irudi zaharenak, Erkoreka, Urkidi eta Markaida; Bermeoko toponimia, Uriarte eta Allika; eta Bermeoko aldizkaritik artikulu batzuk.

***Gustatu bazaizue kontutxu hau, badakizue... klikatu eta partekatu!
(Irakurtzeko denbora: 3’15’’)









Blog honetako argitalpen ezagunak

LA PLATAFORMA 'GAVIOTA': UNA BREVE HISTORIA

IZARO FILMS PRESENTA: BERMEO Y LA TORRE WINDSOR

EL TESORO DESCONOCIDO DE MUNDAKA