JON GOFINONDO: ERREFERENTE HANDIA


Bermeoko Ikastolaren jatorria eta sorrera biltzen eta ikertzen eman nituen bost urteetan zehar, gauza batzuek hunkitu egin ninduten. Anton Ormaza, Ernesto Egibar, Joseba Iñaki Unanue, Itziar Abaroa, Enrique Axpe eta beste askori egin nizkien elkarrizketak ikaragarriak izan ziren, eta Ikastolaren historiari buruzko edo gure Bermeoko historiaren urte oso zail batzuei buruzko argibide ugari eman zizkidaten. Elkarrizketa guztiak oso aberasgarriak izan baziren ere, nik Jon Gofinondorekin egindakoak nabarmenduko nituzke. Jonek, berak bakarrik, liburu baterako ematen zuen. Haren ahots tonuak, istorioen deskribapenetan transmititzen zuen pasioak, denak lotu egiten zintuen. Ahal badut, Ikastolaren egunean, berak ikurriña altxatzen duenean, han egoten saiatzen naiz. Xumea, umila, eredu bizi bat.




NOR DA JON GOFINONDO?

Jon 96 urteko bermeotarra da, itsasoarekin eta arrantza fabrikekin lotutako gizona. Eta oso gaztetatik Euskararekin, gure hizkuntzaren defentsarekin lotua. Ikastolaren eguneko ekitaldiak hasi aurretik, txapela buruan, ikurriña igo duen pertsona hori da Jon. Esan genezake Jon Gofinondo aurpegia ematen zuen pertsona zela, eta Anton Ormaza, berriz, berari eta beste askori demokraziaren defentsan itzaletik bultza egiten zion pertsona. Diktadura frankistaren azken urteetan, lau aldiz atxilotu zuten, euskararen eta euskal kulturaren ofizialtasuna agerian uzten zuten ekitaldietan parte hartzeagatik. Ziur nago behin eta berriz egingo zukeela, bere herriarekin konprometitutako gizona zelako.

ZER EGIN ZUEN JON GOFINONDOK?
Klandestinitatearen garaian, oraindik ere gure hizkuntza eta gure kultura debekatuta, eta sistematikoki jazarrita zeudenean, Anton Ormaza edo Jon Gofinondo bezalako pertsona batzuek arrisku handiak hartu zituzten euskararen aldeko ekintzak garatu ahal izateko. 1965ean, 'Irakurri eta ikasi' lelopean, 'Euskararen Laguntzaileak' elkartea sortu zuten, haur, gazte eta helduen artean euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin. Frantziskotarren babesarekin lokal txiki bat egokitu zuten komentuan ('Gazteria Antoniana'), eta, han bertan, etorkizuneko patroiei ere eskolak ematen zizkieten ('Patroi eskolak'). Testuinguru horretan, material didaktikoak sortu edo hitzaldiak eskaintzen zituzten Elbira Zipitria eta Julia Berrojalbiz bezalako erreferente nabarmenen parte-hartzearekin. Horrez gain, Bermeon, euskararen, euskarazko irakaskuntzaren eta euskal kulturaren aldeko mugimendua (os dinamizatzea eta bultzatzea lortu zuten. Bide hartan garrantzitsuak izan ziren beste lau elementu ere egon ziren:
1) Anton Ormaza eta Jon Gofinondorekin batera, ezin ditugu ahaztu Victor Abaroa, Victor Agirre, Pedro Astorkiza, Juan Azurmendi, Javier Bilbao edo Amado Ormaza ere, 'Euskararen Laguntzaileak' elkarteko kideak.
2) Felipe Izagirre frantziskotarra, euskararen eta euskal kulturaren aldeko proiektu guztiak gauzatzeko aukera eman zuena, elizaren babesarekin.
3) Gotzon Garitaonandia apaiz eta presbiteroa, Mañuaseko Karmengo parrokiatik euskara eta euskal kultura eta folklorea bultzatzen asko lagundu zuena.
4) Euskal kulturaren defentsan zeregin ukaezina izan zuten beste kultura-elkarte batzuk, hala nola, Bermeoko Orfeoia, Garbola mendizaleen taldea edo Bermioko Skautak.

JON GOFINONDO ETA IKASTOLAREN JATORRIA
Jon Gofinondok, guraso talde batekin batera, lokal bat egokitzea lortu zuen San Frantzisko komentuan, Antoniana Gazteen liburutegian; 1966ko irailean hasi ziren eskolak, lehenengo 17 ikasleekin. Bere lehen andereñoak Marisa Landeta eta Eufemia Uriarte izan ziren. Errifetatik zetozen ekarpen ekonomikoak edo borondatezko ekarpenak funtsezkoak izan ziren lehen ikastola hau ireki ahal izateko. Lehen zuzendaritza batzordea Jon Gofinondo presidenteak, Javier Bilbaok, Victor Agirrek, Amado Ormazak, Victor Abaroak eta Pedro Astorkizak osatu zuten. Lehenengo aurrekontua 81.887 pezetakoa izan zen, eta finantziazio iturri handiena/nagusia Euskararen Laguntzaileak elkartea izan zen, bere 170 bazkideekin. Jon Gofinondo Bermeoko historia hurbilaren funtsezko figura da, zalantzarik gabe, eta Ikastolarekin duen loturaren gainetik, Euskararen berreskurapenean eta gure kulturaren defentsan duen ekarpen ukaezina geratzen da, hori egiteagatik bizitza galdu ahal zenean.

Argazkietan: (1) Bermeoko Ikastolak Jon Gofinondori egindako omenaldia; (2) Euskararen Laguntzaileek laguntza ekonomikoa eskatzeko erabilitako agiria; (3) Ikastolako gurasoen lehenengo batzordea; (4) Euskara eskoletako gaueko ordutegia; (5) 1966-1967ko ikasturteko aurrekontu ekonomikoa; (6) Batza artezkariaren zuzendarietako partaideak 1966tik 1991ra.


Iturria: Asier Romero eta Joseba Iñaki Unanue (2016). Bermeoko Luis Eleizalde Ikastolearen historia (1966-1985): Herri baten ahaleginak. Bermeo: Ikastola Eleizalde.


***Gustatu bazaizue kontutxu hau, badakizue... klikatu eta partekatu!













Blog honetako argitalpen ezagunak

LA PLATAFORMA 'GAVIOTA': UNA BREVE HISTORIA

IZARO FILMS PRESENTA: BERMEO Y LA TORRE WINDSOR

EL TESORO DESCONOCIDO DE MUNDAKA