BADAKIZUE ZENBAT BIDER JO BEHAR DITUGUN SAN JUANEKO KANPAIAK?

Ahozko historiak beti esan digu zenbaki bakoitia izan behar duela, eta zifren artean gehien errepikatzen direnak 3 eta 13 dira. Beraz, edozein egunetan errituala betetzera, eskerrak ematera edo zeozer pertsonala eskatzera joanez gero HAMAHIRU bider jo behar dituzu. Aldiz, jai-egunetan (San Juan eguna, San Juan Lepo Egina (Degollado) edo abenduaren 31eko azken mezatara) joanez gero, HIRU bider jotzearekin nahikoa izango litzateke, egun hauetan jendez beteta dagoelako. Ez dago misterio gehiagorik!

Bitxikeria moduan esango dizuet 1886. urtera arte, San Juaneko kanpandorrea elizaren ondoan zegoela (beheko argazkian agertzen den moduan). Zoritxarrez, eraikin bitxi eta eder hura 1886. urtean desagertu zen, beste eliza bat egitean. Ez dago berririk eraikin horretako bi kanpaiez. Gaur egungo ermitak kanpai bat dauka eta etxe-aurre nagusian dago.
Azken hau Gaztelugatxeko Mantenu Batzordeak jarri zuen 2016an eta kanpaian Gaztelugatxeko San Juanen burua agertzen da testu honekin: “SAN JUAN DE GAZTELUGATXE. 24 DE JUNIO 2015 / San Juan de Gaztelugatxe. DONIENE. BERMEO”.

Gaztelugatxeri buruzko beste kuriositate batzuk...

1.Noiztik ospatzen da ekainaren 24an?
Lehen aipamena 1797. urtean kokatzen da. Udaletxeko diru-kontuetan agertzen da herriko dantzariei ordaindu behar zitzaiela jai honetan parte hartzeagatik. Gainera, dokumentu berean esaten da “los días del Corpus y San Juan Bautista eran una de las fiestas más renombradas de la villa”. Hortaz, jai hori garrantzitsuenatariko bat zen herrian, eta San Juanera bide zaharretik oinez joateko ohitura zegoen, Burgotik San Pelaioraino, eta hortik behera, San Juanera.
San Juan bezperan baserrietan sua pizten zen. Suak ezaugarri purifikatzaileak ditu. Suaren gainean jauzi eginez gero, honek gaixotasunetatik eta izpiritu txarrengandik libratuko zaitu. Eta nola ez! uzta babesteko ere erabiltzen zen. Azken erabilera hau, ondo islatzen da abesti baten leloan: “Gaur dala, bijjar dala Doniene. Etxi Doniene bijjamune, sugoiek eta sapuek erre, garijjek da artuek gorde”. 1979. urtetik aurrera Udaleak Goiko plazako egiten den suaren ondoan 14 atso/sorgin jarri zituen. Ekitaldi honetako abestia denok ezagutzen dugu: “amalau atso trompeta jjoten matrallo baten gainian...”.

2.Nola janzten da ekainaren 24an?
Lehen zuriz janzten ziren bermeotarrak San Juanera joateko, horrela agertzen delako XX. mendeko dokumentuetan (beheko argazkian ikus dezakezuen moduan); baina XX. mendeko azken hamarkadetan Udalak ‘mahoia’ instituzionalizatu zuen.

3. Zenbat eskailera egon dira?
Lehen erreferentzia 1784ko da, eta 425 eskailera aipatzen ziren, baina zenbaki hau hurrengo mendean urrituz joan da; hala, 1808. eta 1844. urteetan, 370 eskailera agertzen ziren. Bestalde, ahozko tradizioan beti esan da 365 eskailera zeudela: “urtiek egunek takosen beste eskillarak dausela” edo “urtiek diñon egunek, urtiek zemat egun dakos? irureun ta irurogei ta bost egun, ba irureun ta irurogei ta bost eskillara”. Azken aipamen hau oso garrantzitsua da, ‘Scala Dei edo Scalam Sancta” metafora deskribatzen baitu, hau da, eskilarak igotzen diren heinean Jaungoikoa gero eta hurbilago dago.
Gaur egun 241 eskailera daude. Azken mendean hainbat lan egin dira eskaileretan eta zubian, eta honen ondorioz zenbakia gutxitu egin da.

4. Zer dira San Juanen ‘oñotzak’?
Erantzuna jakiteko, egun batzuk itxaron behar duzue ☺

(Argazkian, 1886ko San Juaneko kanpandorrea eta 1890ko erromeroek kanpaia jotzen. Testua eta argazkiak Anton Erkorekaren liburutik hartu ditut, Historia, Tradiciones y Secretos de San Juan de Gaztelugatx; eta Erkoreka, Urkidi eta Marcaidaren liburutik, Bermeoko argazki eta irudi zaharrenak).

***Gustatu bazaizue kontutxu hau, badakizue... klikatu eta partekatu!







Blog honetako argitalpen ezagunak

LA PLATAFORMA 'GAVIOTA': UNA BREVE HISTORIA

IZARO FILMS PRESENTA: BERMEO Y LA TORRE WINDSOR

EL TESORO DESCONOCIDO DE MUNDAKA