BADAKIZUE BERMEON URPEKO AMA BIRJINA BAT DAUKAGULA?
Beti komentatu izan dizuet Bermeon, kasu
batzuetan, munduan bakarrak izan diren monumentuak, artelanak edo ekimenak egin
izan direla. Oraingo honetan, Gaztelugatxeko San Juanen aurrean dagoen Begoñako
Ama Birjinaren urpeko entronizazioaren historia azalduko dizuet. Gertakari
erlijiosoa ez ezik, herrikoia ere izan zen, 60ko hamarkadaren hasieran mundu osoa harritu zuena.
ZERGATIK SORTU ZEN EKIMEN
HAU?
1963ko irailaren 15ean Bizkaiko zaindaria
den Begoñako Ama Birjina urpean tronuratu zuten, Kantauri itsasoan. Ekimen hura
Bizkaiko Urpeko Jardueren Zentro Txangozaleak (CEVAS) antolatu zuen, Giovanni
Marra Basso, Juan Marra bezala ezaguna, italiar jatorrikoa, CEVASeko presidentea
izanik eta proiektu honen bultzatzaile nagusia. Itsas azpian eta leku
enblematiko honetan elkartzearen ideia Juan Marra urpekari handia eta
CEVAS klubeko hiru kideri omenaldia egin nahi izan zieten urpekari talde
batengandik sortu zen, eta 1912an Bermeon izandako galerna tragikoan hildako
arrantzaleen memoria ohoratu nahi izan zuten.
Bere ezaugarriei dagokienez, Genoako San
Fructuosoko uretan murgilduta dagoen Amildegietako Kristoren irudiarekin
batera, munduko handienetarikotzat hartuta dago honako irudi hau. Bere tamaina,
Mexikoko Acapulcoko portuan dagoen Guadalupeko Birjinarekin edo Kataluniako
Montserrateko Morenetarekin aldera daiteke.
Ama Birjinaren irudia Joaquín Lucarini
eskultorearen lana dugu. Gogoratu arkitekto hau Bermeoko Sagrado Corazón
ikastetxeko kaperaren gaineko 20 metroko dorrean dagoen “Jesusen Bihotzaren”
eskulturaren egilea izan zela. Gainera, arkitektu ospetsu honek Deustun dagoen
“El Tigre” deituriko etxebizitzan aurkitzen den eskultura egin zuen, Bilboko
eraikuntza adierazgarrienetariko bat dena.
Begoñako Ama Birjinaren irudiak 1,20
metroko altuera du eta bere oina 47x30 zm-koa da. Hau 55x46 zm. neurtzen duen
plataforma baten gainean kokatuta dago. Bere pisua 198 kg-koa da eta berunez
beteta dagoenez 850 kg.ra heltzen da. Irudia 12 metroko sakoneran tronuratu
zuten urpekariek ikusi ahal izateko asmoarekin; horrela, itsasbeheran arazorik
gabe ikus dezakete.
1963ko irailaren 15ean 500 ontzi inguruk
lagundu zuten itsasoz ekitaldia itsas prozesio ikusgarri batean. Lurrez, milaka
lagun kaleratu zituzten portuan, birjina garraiatzen zuen itsasontzia. Bizkaia
osotik jendea etorri zen gertaera ikustera; gainera, pertsona horietako asko
errepidetik hurbildu ziren San Juanera, ekitaldia lehorretik ikusteko.
Izugarria izan zen!
MONOLITOAREN KOKAPENA
1969an
1969an, Begoñako Ama Birjina urpean
tronuratzeak sei urte bete zituenean, Bermeo-Bakio errepidean ekintza hau
gogorarazten duen 2,5 metroko altuera eta 1,5 metroko oinarria duen marmolezko
monolito bat jarri zen. Honakoa dago idatzita: “La Diputación Foral de Bizkaia, erige este monumento conmemorativo a
la entronización submarina de la Virgen de Begoña que fue y proyectada y
realizada por el centro excursionista vizcaino de actividades subacuáticas.
Bermeo 15-IX -1963. 14- IX-1969”.
Monolitoaren beste aldean hau irakur
dezakegu: "Dediquemos una Oración
como recuerdo a los pescadores que durante la galerna de la noche del 12 al 13
de Agosto de 1912 perecieron en el mar entre ellos a los 116 Arrantzales
bermeoanos. En la Memoria del Hermano Rafael Laredo ex profesor de La Salle de
Bilbao que difundió con gran ilusión en sus exposiciones iconográficas marinas.
Nuestra Sra. de Begoña patrona de Vizcaya entronizada en el mar Cantábrico.
10-9-1995 CEVAS".
BERMEOKO FRANTZISKOTARREN
ELIZAKO ERREPLIKA
Itsasoan murgildurik dagoen Ama Birjina
ikustea oso zaila zenez eta hara heltzea, murgilduta ere, erraza ez zenez gero,
25 urte igaro ondoren, CEVAS klubak birjinaren kopia bat enkargatu zion
Leonardo Lucarini eskultoreari, Joaquin Lucariniren semeari. Irudiaren kopia
bat egin zuen eta Bermeoko Aita Frantziskotarren elizan ezarri zuten. Beraz,
1988tik hor ikus dezakegu elizaren alboko kapera batean.
50. URTEURRENA
2013ko irailaren
15ean, hura jarri zeneko 50. urteurrenean, CEVAS klubak omenaldi berezia egin
zuen gertaera hori gogoratzeko (Anna Marra, Juan Marraren alaba, eta CEVAS
klubeko beste kide aktibo batzuk izan ziren ekitaldiaren antolatzaileak).
Horretarako, Frantziskotarren Komentuko erreplika atera eta itsas prozesioan
eraman zuten San Juaneraino. Lehorrean, San Joan monolitoaren aurrean omenaldi
bat egin zuten, urteurrena gogoratuz eta Juan Marra Basso artisauaren omenezko
plaka txiki bat inauguratuz.
Iturria: CEVASeko webgunea
Behean dituzu argazki batzuk. Gainera, gai honetaz bideo batzuk daude sarean:
*** Podéis leer esta entrada en castellano aquí.
***Gustatu bazaizue kontutxu hau, badakizue...
klikatu eta partekatu! (Irakurtzeko denbora: 2’51’’)
![]() |
Joaquín Lucarini, eskultorea, birjinarekin |
![]() |
Bilboko suhiltzaileek birjina ekarri zutenean |
![]() |
Birjina herri ezberdinetatik pasatzean |
![]() |
Birjina Bermeoko portuan |
![]() |
Birjina Bermeora heldu zenean |
![]() |
Birjina urperatzen |
![]() |
San Juan ingurura birjina eramanez |
![]() |
Birjina urperatzen |
![]() |
CEVASeko kideak monolitoren ondoan |
![]() |
Monolitoa gaur egunean |
![]() |
Erreplika Frantziskotarren elizan ezarri zutenean (1983) |
![]() |
Bilboko suhiltzaileek erreplika Bermeora ekarri zutenean |
![]() |
Frantziskotarren elizan dagoen erreplika |
![]() |
50. urteurreneko ekitaldiak (2013) |
![]() |
Aitxe Adrianen omenaldia (2019) |
![]() |
Urpekariek birjina garbituz |
![]() |
Birjina dagoen lekua seinaleztatzea |